Soraluze eta Bergara artean dagoen bide berdean jolas parke berria egin dute. Deba ibaiaren kontran dago eta guneak aukera ematen du erreka bazterreraino heltzeko.
Bide berdea Soraluze aldetik hasiz gero parkea kilometro eta erdira aurkitzen da gutxi gorabehera. Ibilbide laua da eta oinez, bizikletan zein patinetan edo patinetean egin daiteke. Gurpildun aulkientzako ere egokia da.
Jolas parkean egurrezko lau bat eserleku, sei bat mahai eta tirolina eta txirrista aurkituko ditugu. Sarreran bizikletak uzteko gunea ere badago.
Espazio naturala da. Belarra eta lurra ditu oinarrian. Zuhaitz artean dagoen pasabide batek aukera ematen du erreka bazterreraino heltzeko. Jolaserako eremu polita izan daiteke. Hostoak, harriak, egurrak eta adarrak, ura… askotariko aukerak eskaintzen ditu.
Soraluzeko Udalak eraiki du haur parkea eta tirolina dituen aisialdi gune berria. Ingurumena zaintzea, balorean jartzea eta aisialdirako aukera gehiago eskaintzea helburu duen Soraluze Bizi 2030 egitasmo planari jarraiki, Iker Aldazabal alkateak adierazi duenez, “Udalak urteetan degradatuta egon den lur saila erosi ondoren, txukundu, garbitu eta atondu egin du, Deba ibaiaren alboan aurkitzen den eremua herritar guztientzako aisialdi eta atseden gune bihurtzeko”.