ESPAZIOAREN DESKRIBAPENA

Sakanako herri txiki honetan kokatuta dagoen jolas parkera iristerakoan atentzioa deitzen duen lehenengo gauza, jolaserako egitura handiaz gain, zuhaitzak dira. Parke hau harizti eder batean kokatuta dago eta ez da arraroa. Izan ere, Sakana aldean ugariak baitira horrelako baso eder eta misteriotsuak. Parke honek badu beste berezitasun bat, Urbasa mendizerraren magalean aurkitzen dela.

Parkera iristeko, herriko igerilekuetara heltzeko bidea hartu behar dugu. Behin igerilekuetara iritsita, San Donato edo Beriain mendira doan bidexka hartu behar dugu. Pausu gutxi eginda ikusiko ditugu jolaserako lehenengo egiturak.

Parkeak hiru eremu ditu gutxi gora-behera: sarrera, igerilekuko tabernarekin bat egiten duena eta terraza itxura duena, jolaserako egiturak eta basoa (erretegi eta mahaiez atonduta).

Jolas gunean aurkitzen diren jolaserako egiturak egurrezkoak dira denak eta harri jasotzaileetan daude oinarrituta. Ongi begiratuz gero, egitura handienak harri jasotzaileek altxamenduak egiteko erabili izan dituzten harrien tankera duela ohartuko gara. Eskalatu, soketatik jaitsi edo igo, sareak gurutzatu, txintxaunetan ibili, eskailerak igo, txirrita luzetik jaitsi, sare itxurako tututik pasa… hamaika dira jolas egituretan egin ditzakegun jarduerak. Eta atsedena hartu nahi izanez gero, beti dago hariztipeko aulkietan esertzeko aukera.

BITXIKERIAK

Bi bitxikeria aipatu daitezke parke honi buruz; batetik orain artean maiz pentsatu izan dugu horrelako jolas egituren egileak Europa iparraldean zeudela soilik. Bada, jolas egituren egileak bertakoak, Euskal Herrikoak dira. Arabako Legutio herrian dagoen Lurkoi enpresak diseinatu eta eraiki zuen harri jasotzaileen jolas parke hau.

Eta bestetik, jolas parke ibilbide ugariren abiapuntu edota bitarteko paso izan da. Urtero Sakanaldean ospatzen den Beriaineko kilometro bertikala kirol proba ezagunaren abiapuntu da parke hau. Beraz, mendi txangoa egin nahi izanez gero, hartu arnasa sakon eta ekin gorako bideari. Eta bestetik, parkeko sarreran dagoen kartelak adierazten duen eran, Sakanako artzantzaren ibilbidea ere hemendik pasatzen da.

Gunearen izena: Harri-jasotzailearen parkea.
Helbidea: Uharte-Arakil.
Kokapena: herrigunean.
Estalia edo irekia: irekia.
Sarrera: doan.
Iturria: bai.
Komunak: bai.
Irisgarritasuna: oinez, bizikletaz, autoz…
Gurpildun aulkientzako irisgarria: bai.
Aparkalekua: bai. Autokarabanentzako egokitutako aparkalekua gaua/8€.