Leioa inguruan atseden leku lasai baten bila dabilenak oso kontuan hartu beharko luke Pinosolo parkea. Eremuak parke bat eta 6 hektareako hiri-baso bat uztartzen ditu.

Balio natural handiko biodibertsitate-uhartea da. Udalak erosia, aurretik jolastoki pribatu bat zen. Parkeak, guztira, zortzi hektarea ditu, eta sei daude jendearentzat irekita. Hedadura horrek hiri-baso txiki bat eta erabilera arruntagoko parkea uztartzen ditu.

Pinosolok basoko barne-bideak, urtegi bat, ehun urtetik gorako magnolioen parke txiki batera isurtzen den ezkien arteko pasealeku bikain bat, eta azken gune hori erdiko pasealekuarekin eta bidegorriarekin lotzen duen harrizko harmailadi bat ditu.

Parkeak, gainera, landare-espezie ugari, exotikoak edo kanpotarrak eta autoktonoak ditu, elkarrekin eboluzionatu dutenak, eta fauna-talde ugariri babesa eta aterpea emateko habitata osaten dutenak.

Pinosoloko landarediaren artean onddo eta belarkara ugari aurki daitezke. Zuhaitzen artean, urkiak, lizarrak, pagoak, astigarrak, hurritzak, ezkiak, sahatsak, gereziondoak, makalak eta hainbat fruta-arbola bereiz daitezke.

Askotariko zuhaitz motak, beraz, eta horrekin batera aparkalekua, gimnasio gunea, iturria, eserlekuak, urmaela eta txikien artean askotariko erreakzioak eragiten dituen basajaun itxurako irudia.

Torresoloko kirol instalazioak bertan daude. Igerileku estalia eta irekia ditu, eta bestelako askotariko zerbitzuak daude bertan.

Pinosolo parkearen mapa hemen.

Pinosoloko flora eta faunaren zerrenda hemen.

Argazkia: Visit Uribe