Itsso Pagoagak guraso.eus en idatzitako artikulua ekarri dugu hausnarketarako baliagarri delakoan.

Inoiz jarri al zarete pentsatzen zeren arabera eraikitzen diren gaur egungo jolas parke gehienak? Noren beharrei erantzuteko eraikitzen dira, haurra ala berau zaintzen duten heldu edota gurasoena? Nolako materialekin eraikitzen dituzte? Eta azken finean, gaur egun zein helburu dituzte horrelako jolas parkeek?

Aurreko artikuluan haurra, hiriak eta jolasari buruz hitz egin nizuen. Eta bertan esaten nuenez, orain artean, haurrak batik bat kalean jolastu izan dira. Gaur egun baina, nahiz eta haurrek kalean jolastu, orokorrean jolaserako “egokitutako” espazioetan aritzen dira hainbat arrazoi tarteko. Izan ere, aurrekoan esaten nizuen bezala, gaur egungo kaleak asko aldatu dira, eta ia ezinezkoa da gaur egun haurrek kalean, helduen begiradapean egon gabe, lasai asko jolastea. Trafikoa gero eta basatiagoa bihurtzen ari da gure kaleetan, etxe eta eskola arteko distantziak aldatu egin dira eta haurrak gero eta gutxiago ibiltzen dira kaletik bakarrik. Hori dela eta, jolasean ere nekez aritzen dira haurrak heldu gabe eta horretarako apropos prestatuko espazioetatik kanpo. Baina nolakoak dira orokorrean, itxura batean haurren jolas grinari erantzuteko sortutako jolas parkeak? Hona hemen adibide batzuk.

Gaur egungo jolas parkeak, orokorrean nahiko antzerakoak dira. Ia denek antzeko elementuak dituzte jolasteko; txirrista, trostan dabiltzan animalitxoak, ziburuak etab. Horretaz gain badira baita ere, eskalatzeko, edota bonberoak bezala jaisteko metalezko hodia dutenak, oreka mantentzeko egurreko hodiak dituzten jolas parkeak etab. Jolaserako elementu hauetaz gain jolas parke gehienek, iturri bat izaten dute erdian eta orokorrean, eserlekuz inguratutakoak izaten dira. Gaur egun ere, badira harea eta ura bezalako elementuak jolaserako elementutzat dituzten jolas parkeak baina orokorrean, ornamentaziozko elementuak izan ohi dira hauek. Bestalde, jolas parke gehienak estali gabeak direla ere aipatu beharra dago. Jarraian azter ditzagun aipatu ditugun elementu hauek nolakoak izan ohi diren.

Izan ere, jolaserako ezartzen diren elementuak material plastikoz eginak dira eta orokorrean oso kolore biziak izaten dituzte. Batzuetan agian biziegiak direla ere esan genezake, izan ere artifizialak dira kolore horiek, ez baitira horrelakorik naturan ezagutzen. Horretaz gain, elementu hauek iraunkorrak dira apurtu ezean. Eta ez dute eraldaketarako aukerarik uzten, estatikoak dira. Gehienbat jolaserako dauden elementuak norbanakoaren beharrei erantzuteko sortuak dira eta ez talde baten beharrei erantzuteko. Izan ere, jolas parkeetan dauden txirristetan ezin dira haur bat baino gehiago aldi berean jaitsi edota trostan dabiltzan zalditxoetan pertsona bakarrarentzako tokia egon izan ohi da.. Iturriei eta bankuei buruz berriz, esan genezake, orokorrean helduen beharrei erantzuteko ezartzen direla bertan. Hau da, ez da kasualitatea jolas parkeak eserlekuz inguratuta egotea. Eserlekuen kokapen horien helburua, helduak, haurra begi bistaz zaintzea da. Haurra une oro bere begiradapean egotea alegia. Ez dut esan nahi hori txarra denik, baina kontuan izanda haurrak denbora dezente igarotzen duela helduaren begiradapean, arnasgune izan daitekeen jolasean, komeniko litzake une batzuetan behintzat haurrak begiradape hori nabaritu gabe jolasteko aukera izatea.

Orokorrean horrelako jolas parkeak aurki bagenitzake ere, badira bestelako adibide batzuk. Horien artean honako bi hauek aipatu nahiko nituzke, adventure playground izeneko jolas parkeak eta berriki Nafarroako Donamaria herrian ezagutu dudan, auzolanean eraikitako jolas parkea.

Lehendabiziko jolas parkeak, joan den mendeko 30. Hamarkadan Christian Th. Sorensen izeneko arkitekto eta paisajista daniarrak sortu zituen, beste batzuen laguntzarekin. Garai horretan Sorensen, Hans Dragehielm maisuaren laguntzarekin, Kopenhageko haurrentzako jolaserako espazioen diseinuan interesatuta zegoen. Haurrek jolaserako zeukaten modu askeak erakarri zuen Sorensen. Haurrak jolaserako batez ere, hiriko etxe orubeak eta gerraren ondorioz hondatutako etxeen hondakinak erabiltzen zituztela konturatu zen. Giro araugabe hori, ohiko jolas parkeei txertatzea erabaki zuen arkitektoak.

Jolas parke berri haiei adventure playgrounds (abenturazko haur parkea) izena ezarri zioten. Hala eta guztiz ere, junk playgrounds (zabor jolas parkeak) izenarekin ere ezaguna izan zen. Jolas parke hauek 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako ziren printzipioz eta jolaserako ohikoak diren jolas egiturak egon beharrean, haurren esku uzten ez ziren edozein motatako herraminta eta birziklatutako materialak aurki zitezkeen.

Sorensen-ek diseinatutako espazioak haurra babesteaz gain, zuhaitzetako arrama, kartoizko kaxak, forma eta tamaina desberdinetako ohol eta hodiak, pneumatikoak, oihalak, altzari zaharrak, auto zaharrak, adreiluak, sokak etab.-ez hornituta zeuden. Lehenengo begiratuan, helduaren kasuan, izugarrizko zabor pila batzen duen espazioaren tankera du baina haurren kasuan aldiz, aukera mugagabeak eskaintzen dituen espazioak dira Adventure playgrounds-ak. Lehenengo Adventure playgrounds izeneko jolas parkea, 1943an sortu zen Danimarkako Emdrup herrian, Bigarren Mundu Gerra garaian.

Mota honetako jolas parke guztien ezaugarri komuna honakoa da, etengabeko eraldaketan dauden espazioak direla, desegin eta sortzeko aukera eskainiz. Jolas gune hauetan, jolas librea da nagusi eta haurrak berak erabakitzen du bere jolas espazioa nolakoa izango den. Normalean, hezitzaileak daude bertan, haurren jarduerak ikuskatzen baina sekula ez modu intrusiboan. Jolas libre horren bidez haurra, eskulanean aritzen da. Imajinazioa eta sormena garatzen ditu, bestelako jolas parke konbentzionaletan baino kooperazio eta harreman handiagoak garatzen ditu, taldean lan egiten du, material zaharra berrerabili eta sortze prozesuetarako erabiltzen du besteak beste. Horretaz gain, jolas parke hauen inguruetan ohikoa izan ohi da, baratze edota lorategi bat egotea, eta nola ez, abereentzako etxola bat.

Bigarren jolas parke mota, lehen esan bezala Nafarroako Donamaria izeneko herrixkan dago. Lehenengo begiratuan, ez du gaur egungo bestelako jolas parkeekiko desberdintasun handirik. Berdegune hesitua da eta bertan honako elementu hauek daude: eserlekuak, iturria, pinpon mahaia, ziburuak, oreka mantentzen ikasteko gailuak, tirolina, txingoka aritzeko espazio berezitua eta saskibaloi saskia besteak beste. Jolas parke honen berezitasunak baina bi dira, eta oso interesgarriak niretzat. Alde batetik jolas parkeko elementuak eraikitzeko erabili diren materialak ahal den neurrian bertakoak izaten saiatu dira. Jolaserako dauden elementu ia gehienak inguruetako egurrarekin eginak dira, baita ere eserleku eta mahaiak eta jolas parkearen hesitura. Horretaz gain, jolas parke honen beste ezaugarri garrantzitsu bat, eraikitze mota izan da. Izan ere, herritarren artean auzolanean eraikitakoa da berau, herritarren parte hartzea eta berauen beharrak kontuan izanda.

Amaitzeko, gonbidapen bat egin nahiko nizueke. Irten kalera eta azter itzazue zuen herriko jolas parkeak. Noren beharren arabera eraikitzen dira? Zein materialez? Nolako koloreak dituzte jolaserako ezartzen diren elementuek? Non daude kokatuta eserlekuak jolas parkeetan? Horrek nola eragiten du haurrarekin dagoen helduaren jarrera? Eta ba al dute eraldaketarako aukerarik?

Galdera larregi dira agian, baina artikulu honekin, horixe nahi dut. Galdera hauen bidez, inguruan ditugun jolas parkeei buruzko hausnarketa zabaltzea. Horretaz gain, jolas parke eredu desberdinak ikusi nahi izanez gero hona hemen helbide interesgarri bat:

http://playgrounddesigns.blogspot.com.es/

Itsasori elkarrizketa

Argazkiaren iturria