Laudioko Kirikino Atseden Taldea elkarteko Baratzeko Lantaldea buru-belarri ari da lanean. Negu amaiera eta udaberrian zehar, parke berria eraikiko dute, eta horretarako prozesu parte-hartzaile batean murgilduta daude.
2019ko martxoan Laudioko Udalak eskuragarri jarritako partzela batzuk hartu zituzten aisialdi taldekoek, ortu ekologikoen espazioan. Irati Frias eta Ander Fernandez Kirikinoko hezitzaileek azaldu dutenez, hasieran txikia zen baratzea, baina espazioa bikoiztu dute, eta guztira, 320 metro karratu dituzte orain.
Iaz abiatzekoa zen parkearen proiektua, baina pandemia dela-eta asmoak zapuztu zitzaizkiela azaldu du Fernandezek: “Urtebeteren ostean, ideiak sendotuago ekarri ditugu mahai gainera, eta asmoari berrekingo diogu: orain hasi eta udaberrian zehar, jolas parke parte-hartzailea egingo dugu”.
Gaur, lehenengo pausua
Prozesu parte-hartzaileari ekiteko, Google bidezko formularioa eskegi zuten Kirikinokoek webgunean. Proposamenak jasotzeko atala ere jarri zutela adierazi du Fernandezek –haurren marrazkiak jasotzeko– eta Kirikinok ere argazki batzuk jarri zituen herritarrei ideiak emateko. “60 bazkide ingururi ere zuzenean galdetu diegu ea zer den parkean izan nahi dutena”, esan du Irati Frias hezitzaileak.
Gaur saio presentziala egingo dute parte-hartu nahi duten familiekin batera. “Jasotako ideia eta proposamen guztiekin eskema bat egitea nahi dugu, zer egin daitekeen zehazteko” , azaldu du Friasek. Hurrengo pausua auzolanak egitea izango dela ere aurreratu dute: otsailaren 20an izango da lehenengoa eta 27an hurrengoa.
Baratzean kontuan hartzekoak
Hezitzaileek adierazi dute baratzean baldintza jakin batzuk bete behar dituztela (adibidez, gutxieneko eremu bat landatuta izatea), eta hortaz, parkea egiteko hainbat gauza izan beharko dituzte kontuan.
Gainera, beste irizpide bat ere jarri dute Kirikinotik bertatik: “Erabiliko ditugun materiak birziklatuak izatea nahi dugu; eta naturalak badira, hobeto. Ingurumenarekin ere bat egitea nahi dugu eta ahalik eta gutxien erostea, inguruan duguna aprobetxatu ahal izateko”.
Ortua, elikadura-proiektu baten oinarri
Ezer baino lehen, elikadura-proiektu bat abiatu zutela azaldu dute Irati Frias eta Ander Fernandezek: “Ideia elikaduraren ziklo guztia betetzea zen: hazia landatzen dugunetik, uzta jaso, elkarrekin jatekoa prestatu eta elkarrekin bazkaltzen bukatu arte”.
Hala, baratzeko lantaldea osatu zuten, eta hezitzaileez gain, haurrak, familiak eta gazteak animatu nahi izan zituzten parte hartzera. “Eguraldi ona egiten duenean jendea animatzen da ortura, eta auzolanak ere egiten ditugu”, esan dute.
Nolanahi ere, parkea egiteko ideia argi zuten hasieratik: “Landatzen hasi ginenean, argi genuen bertan jolasteko espazio bat ere sortu nahi genuela. Ez genuen produkziora bakarrik mugatutako ortu bat nahi”.
Etiketak: osasuna