Kizkitzako Ama Birjinaren baseliza inguru zoragarrian dago. Oinez egin beharko dugu bide zati bat; izan ere, auto guztiek ezin dira bertaraino heldu. Gipuzkoako hego-erdialdean dagoen Itsasoko udalerrian dago Kizkitza. Baselizak mendiaren izena darama.

Baselizaren aldamenean zelai bat, atsedenlekua, mahaiak eta erretegia daude. Erabiltzeko daude, baina zaintzeko eskaera egiten dute herritarrek; izan ere, Itsasoko biztanleek gestionatu dute espazioa historian zehar, gaur egunera arte mantendu diren hitzarmen, arau eta antzinako lan-moduen bitartez. Pagadia Itsasoko zenbait familiak landatu zuten, eta bertako zura ustiatzeko eskubidea familia horiek izan dute, jatorrizko baserriko jarduerari eusteko baldintzarekin.

Nola iritsi

Mandubiko Bentaren aurrealdean dagoen baserri aldameneko mendi-pista hartu behar da, larrea atzealdean utzi ondoren basoan barneratu eta bidea bitan banatzen da. Ezkerrekoa hartu eta txabola eskuinaldean utziko dugu (Elorri 1988). Bidea jarraitu ezkero, lau norabidetara hedatzen den bidegurutze batekin topatuko gara. Eskuinaldeko lehenbizikoa hautatuko dugu (“Kizkitza” kartelak adierazten du).

Bide hau segituaz zuzenean baselizara ailegatuko gara. Azken 100 metroak malda handikoak dira, hortaz igoera patxadaz burutzea gomendatzen da. Denera, Bentatik hasita ibilbideak 20 minutu eskas ditu. Baselizatik inguruko eremuaren ikuspegia zoragarria da: Garin, Astigarreta, Ezkio, Gabiria, Mandubia, Txindoki, Aralar… ikus daitezke.

Kizkitzako Andre Mariaren jaieguna irailaren 8an da. Egun horretan, erromeria herrikoia egin ohi da.