Espazioaren deskribapena

Hondarribitik Jaizkibel mendi aldera hartuta Guadalupeko santutegira iritsiko gara. Santutegiak ematen dio izena eremuari, baina zabalera handiko espazioa da eta izen bereko gotorlekua ere badago bertan. Gaur egun bisita eskatzeko aukera ere badago.

Begiratokiak ere badaude Guadalupen eta Txingudi badia osoa ikus daiteke. Ikuspegi zoragarria da eta eguraldi argiarekin Lapurdiko hainbat herri ere ikus daitezke, batez ere kostaldekoak.

Aparkaleku zabalak, belardi handiak eta mahaiak ere badaude Guadalupen. Asko dira familia giroan egun pasa joaten direnak. Leku egokia da umeen jolas librerako eta ingurumenarekin kontaktuan daude, gainera.

Bestelako zerbitzuak

Guadalupen badago oso ezaguna den kantina. Jatekoak eta edatekoak ematen dituzte. Lanak egiten hasi ziren 2018an. Lerrook idazterakoan itxita zegoen oraindik.

Gotorlekua, berriz, 1900. urtean eraiki zuten. Poligono itxurako gotorlekua da eta 1976an abandonatu zuen armadak. Presondegi militar eta soldadugaiak hezteko kanpamentu gisa erabili izan da 1940 eta 1950eko hamarkadetan. Egun, Udalaren jabetza da, eta uda osoan bisita daiteke.

Santutegiari dagokionean XVI. mendean eraikia da eta hainbatetan berreraikia. Gaur egungoa XIX. mendekoa da. Barruan herriko zaindari den Guadalupeko Ama Birjina gurtzen da, eta Gipuzkoako zortzi irudi beltzetako bat da.

Inguruen natural paregabean dago Hondarribia eta Guadalupez gain asko dira eskaintzen dituen aukerak. Hemen duzue informazio gehiago.

Gunearen izena: Guadalupe.
Helbidea: Hondarribitik gora, Jaizkibel aldera.
Kokapena: Hondarribiko sarreran dagoen aireportutik 12,5 kilometrora.
Estalia edo irekia: irekia.
Sarrera: doan.
Iturria: bai.
Komunak: bai, tabernetan.
Irisgarritasuna: oinez, bizikletaz… Autoentzako aparkalekuak ere badaude.
Gurpildun aulkientzako irisgarria: bai, asfaltatutako eremuetan.
Aparkalekua: bai