Eibarren dago Arrate, eta ezaguna da, batez ere, txirrindularitza proba askoren helmuga puntua delako. Natur gunea erdigunetik zortzi kilometrora dago eta ingurukoentzat zein bisitarientzat aisialdirako leku natural paregabea da.

Izen bereko amabirjina duen santutegiak ematen dio izena inguruari. Autobus zerbitzua dago Eibartik eta autoz zein oinez ere igo daiteke.

Aisialdirako gune zabala da. Berdegune handiak ditu eta eserlekuak, mahaiak, iturriak, janaria prestatzeko parrilak eta umeentzako jolas parkeak ditu. Ostalaritzako zerbitzuak ere baditu –taberna bat eta jatetxe bat–, eta Arrateko Ama santutegiaren horma baten kontra frontoia ere badago.

Arraten nahikoa espazio dago familian egun pasa ederra egiteko. Bertatik, gainera, mota, maila eta luzera guzietako mendi ibilbide ugari egin daitezke ondoko mendietara –Kalamua (768 m.), Urko (793 m.) …–.

Baseliza-santutegia XV. mendekoa da. Andra Mari irudi gotikoa da piezarik aipagarriena eta presbiterioan Zuloaga margolariaren lau margolan daude. Eibartarrek irailaren 8an ospatzen dute Arrateko Eguna.

Arraten dago, baita ere, gerra zibileko interpretazio zentroa. Bisita gidatuak egin daitezke.