Ikasturtea hasia dela, udan zehar hainbat lekutan ikusitako haur parkeak direla eta, zuekin hausnarketa hau partekatu nahiko nuke.

Lehenik eta behin, “zertarako haur parkeak?” galdera etorri zitzaidan  burura.

Hau da, uda izaten da haurrek denbora libre gehien duten garaia: eskolarik ez, etxeko lanik ez, eskolaz kanpoko jarduerarik ez (edo gutxi behintzat)… Halere, haur parkeak, salbuespenak salbuespen, nahiko hutsik ikusi izan ditut. Arrazoiak?

Hauetako askok gomazko zorua izanik, eta inongo itzalik ez dutenez, eguzkiak zuzenean jo eta petrolio kiratsa nabaria izaten da, batere erakargarria bihurtuz gunea.

Honek zer pentsa ekarri beharko luke, honelako zoruen kostua oso altua baitda, eta diru publikoaz hitz egiten ari garenez, hobe lukete udalek honi buelta batzuk eman, eta beste era bateko zoruak ipintzea. (Oraintxe bertan irakurri dut XLSemanal-en ikerketa baten ondorioa: gomazko zorua belarragatik  aldatu duten Haur parkeetan, haurren immunitate-sistema eta makrobiotikoa hobetu dela).

Aldi berean, udan eguzki ordu gehiago ditugu neguan baino, eta horrek aukera gehiago ekarri beharko luke parkeak erabiltzeko.

Jarrai dezagun hausnarketarekin. Aipatu lez, udan denbora gehiago izanik, gutxiago erabiltzen dira parkeak. Beraz, espazio arazoa baino gehiago, denbora arazoa dugula esan genezake: haurrak jardueraz bete, eta ez dute jolasteko betarik.

Haur parkeetan gertatzen den beste fenomenoa, pertsona helduen presentziarena da. Haur parkeen helburuetako bi hauexek ditugu: autonomia garatu eta sozializatu.

Helduen presentzia dela eta, bi helburu hauek garatzea oso zaila egiten da: Autonomiari dagokionez, zailtasuna duen edozein egoeraren aurrean hor gaudelako, debekatuz, eskua ipiniz edo auskalo zer eginez. Sozializazioari dagokionez, helduok eskuhartzeak egiten ditugun haurren gatazken artean, gatazka horiek beraien artean konpontzeko aukera ezinduz.

Horren adibidea, haurrak “partekatzera” behartzen ditugunean: batak baloia edo beste edozein jostailu duelarik, beste haur bat hurbiltzen bazaio hura kentzera, lehen haurrari esaten diogu: Utziozu! Partekatzen ikasi behar duzu!

Kasu hauetan, zera esateko gogoa izaten dut:

“utzi  zure kartera, partekatzen ikasi behar duzu!”.

Kontu hauez gain, hainbat parkeetan hauxe ikusi dut: “elementu inklusiboak” deitzen diren aparatuak.

Lehenik, Denise Najmanovich pentsalari argentinarraren hitzei jarraituz, “inklusioak” ez du gainditzen “normala” eta “ez normala” ren arteko egoera. Horretarako, “bizikidetasuna” kontzeptua proposatzen digu. Hau da, haurrek, bakoitzak bere ahalmenekin, jolasean bere rola eta lekua aurkituko du, besteen, helduen bereziki, eskuhartzerik gabe.

Egia da haur batzuk, beren baldintza-ezintasunagatik hainbat elementuetan ezin izanen direla ibili.

Familia hauen egoera ulertuz, eta beraiekin enpatizatuz, geure buruari galdetu beharko genieke ea zein diren haur horien jolasteko beharrak, eta behar horiei erantzuna ematen saiatu.

Espero dezagun espazio hauetan ardura duten pertsona, eragile, instituzio desberdinek hausnarketa zintzoa egitea, haurren beharrei dagokien erantzuna eman ahal izateko.

Txusma Azkonak guraso.eus ekimenerako idatzitako artikulua