Txusma Azkona Lizarrako Plisti Plasta egitasmoko kidea da, urte asko daramatza guraso.eus eko kolaboratzaile moduan eta maiatzean bere artikulu berria argitaratu genuen, nahia vs beharra. Idatzi hau oinarri izanda, haurren parte hartzearen inguruan hausnartu dugu. Bide batez Billatorta herrian, haurren parte hartzearen bitartez gauzatu zuten jolas parkearen berri ere eman digu.
Izaten dira tarteka modan jartzen diren hitzak: Covid-19, Zoom, txertoa edo pandemia. Azken urte hauetan, gurean modan jarri zaigun beste hitza Partaidetza izan da.
Ezagutzen dugun sasi demokrazia honetan, non lau urtez behin alderdiren bat bozkatzeko aukera izaten dugun –azken boladan sarriago, partidoek negoziatzeko erakutsi duten ezintasuna dela medio-, agerian geratu da herritarrek beraiei dagozkien erabakietan eragiteko duten aukera eskasa. Urteetako egonezin horren ondorioz, parte hartzearen beharra talde/alderdi gehienen agendan edota ahotan dago.
Halere, ez da oso argi geratu partaidetzaren inguruko kontzeptua benetan ulertua izan den. Adibide gisa, oso ohikoa izan dugu azken boladan udaletxeetan “aurrekontu parte hartzaileak” ezartzea, non herritarrei proiektuak bozkatzeko aukera ematen zaien. Pertsonalki, aukera izan genuen “Haur parke parte hartzailea” proiektua aurkeztu eta aukeratua izateko. Proposamena aurrera eramateko momentuan, esan zitzaigun haurrekin egin beharreko parte hartze prozesua ez zela sartzen proiektuan, dirua,soilik, parkeko elementuak erosteko zela. Aukeratutako proiektuen artean, parte hartze prozesua zuen proiektu bakarra ezin zela “parte hartzaile” aurrekontuetan sartu!!! Hau da, lau urtez behin sigla bat bozkatzetik, urtean behin proiektu bat bozkatzera pasatu gara.
Partaidetza prozesuek beste zentzua izan beharko luketela begi bistan dago. Denbora luzez eta munduan barna ahots gabeko asko izan dira eta badira gaur egun: emakumeak, indigenak, hizkuntz minorizatuak, eta abar luzea. Horien artean ere, eta azken osasun larrialdian nabarmen geratu da Haurtzaroa eta Nerabezaroa beste ahots gabeak direla.
Izaten dira tarteka Haurtzaroari hitza emateko hainbat proposamen, eta hauei erreparatuko diegu.
Haurren parte hartzean, ohikoa da “haurrei galdetu behar zaiela” aipatzea. Eta galdetze horretan izaten da askotan nahasmen handia: beharra eta nahiaren arteko dikotomia.
Adibide bezala: herri bateko haurrei galdetu omen zieten ea zer nahi zuten eta Aquarium erraldoia nahi zutela azaldu omen zuten. Herriko etxean aurrekontua eskatu eta milioi bat euro kostua zuela jakin eta… aurrera egiteko asmoa azaldu zuten!!!
Segituan galdera asko sortzen dira: Hori al da haurren parte hartzeaz ulertzen dena? Galdera bat egin eta kitto? Haurrek benetan behar al dute aquaruim bat? Eta ondorioz beste galdera sortzen da: zeintzuk dira eta nola jaso daitezke haurren benetazko beharrak?
Beharrak antzemateko, ez du soilik “galdetzeak” balio. Haur eta heldu harremana horizontalagoa izaten saiatuz, haurrek azaltzen dizkigute beraien beharrak zeintzuk diren, baina helduok adi egon behar dugu, haien jolas eta elkarrizketen behaketa eta entzute aktiboaz baliatuz.
Etxe barruan pasatu ditugun hilabete hauetan nabarmen erakutsi dizkigute haurrek beraien beharrak zeintzuk diren: naturan aritzea, jolastea, lagunekin harremanak izatea, aitona-amonak besarkatzeko aukera izatea… Olentzerori eskatzen zaizkion alferrikako jostailu zerrenda horretatik ez dute bakar bat ere eskatu egoera honetan. Zer pentsatua eman beharko liguke hurrengo ospakizunetan kontutan hartzeko.
Beharra eta Nahiren artean helduok filtroa garbi izan behar dugu. Haurrei zuzenean galdetuz gero, erraza da helduok entzun nahi dugunari eustea, eta helduok, askotan, nahiaren munduan mugitzen gara.
Badira hainbat adibide non parte hartzea eta entzuketa modu ludikoago baten bidez egin, eta haurren hitza jasotzeko aukera izan dena. Hau, horietako bat:
Billatortako (Nafarroa) haur parkea eraldatzeko proposamena landu genuenean ez genien galdetu haurrei ea zer nolako parkea nahi zuten. Saio desberdinen bidez jolasteko aukera eman genien horretarako eskeintza aproposa sortuz: material desestrukturatutako materiala eskainiz, bertako parkera txangoa eginez eta joslasten utziz, eta hauetan zer gertatzen zen dokumentatu egiten genuen, haien jolasak eta hitzak jasoz.
Modu honetan jaso genituen haurrek zituzten beharrak (ez nahiak), eta proposamenak bide honetatik egin ziren. Honi gehitu udalak jarritako ardura, auzolan bidez herritarrek egindako lana, non haurrek ere parte hartu izan zuten, eta emaitza gisa haur eta herritarrek sortutako parkea dugu.
Bertakoek parke honekiko duten atxikimendua beste edozein lekutan ez da erraza ikusten, eta ondorioz, erabilpena eta zainketa ere oso nabarmenak dira.
Badira adibide asko haur parte hartzeaz, eta hauen baliogarritasuna neurtzeko elementurik funtsezkoena hauxe da: beharrari edo nahiari erantzuten ote dion.