Argia astekarian argitaratutako albistea ekarri dugu.
Eskolako futbito pistaren “erabilera intentsiboa” izan zen erabakiaren abiapuntu. Honela dio Celestino Montoto ikastetxeko eskola kontseiluak onartua duen barne-arauak: “Espazio faltaren eta sortzen diren gatazka kopuru handiaren ondorioz, debekatuta dago patio garaian futbolean jokatzea”.
Ikastetxeko zuzendariaren hitzetan, “jolas-lekuko espazioak antolatu dira gatazkak murriztu eta ikasle guztien parte-hartzea sustatzeko. Beraz, ez da zigor bat, baizik eta elkarbizitzan, errespetuan eta inklusioan oinarritutako neurri hezitzaile bat. 140 haurrek futbito pista partekatzen duten patioan, pedagogiak gomendatzen du elkarbizitzen irakastea, ez espazioagatik lehiatzen”. Neurria neska-mutilen arteko berdintasuna lortzeko eta ikasleen segurtasuna bermatzeko lagungarri dela ere adierazi du ikastetxeak.
Bestelako jolas eta jokoak bultzatzeko materialez betetako kaxak dituzte ikasgeletan: pilota bigunak dituzten palak, goma-aparrezko pilotak, disko hegalariak, sokak eta goma elastikoak.
Gaia Asturiasko parlamentura iritsi da, IU, Más País eta IAS barnebiltzen dituen Convocatoria por Asturies koalizioaren galdera bat kari. Politikariek eman dituzten iritziak iritzi, bai Hezkuntza Ikuskaritzak bai Hezkuntza kontseilariak ontzat eman dute futbola erabat debekatzeko erabakia. “Zentroen autonomiak aukera ematen du esperimentazio eta berrikuntza pedagogikoak aurrera ateratzeko, eta hezkuntza administrazioek horiek bultzatu behar dituzte”, adierazi du kontseilariak.
Bestelako jolasak bultzatzeko materialak dituzte ikasgeletan: pilota bigunak dituzten palak, goma-aparrezko pilotak, disko hegalariak, sokak eta goma elastikoak
Zein leku izan behar du futbolak eskolan?
Eskolan futbola –edo beste edozein kirol– debekatzea ez dela onargarria diote jolas-garaian baloia mantentzearen aldekoek, eta gatazka sortzaile bada, irakasleek patio orduak zorrotz zaintzea eta kudeatzea eskatzen dute.
Kontuak kontu, gutxi-gehiago futbolari mugak jartzeko neurriak hartu dituzte Euskal Herriko ikastetxe gehientsuenek. Horrela azaldu zuen guraso batek ARGIAn: “Arazoa ez da kirola bera, baizik eta kirol horrek gure gizartean duen esanahia, eta ondorioz, haurren artean sortzen duen dinamika. Edozein kirol ez da neutroa, gure gizartean txertatuta dago, eta balio eta konnotazio batzuk ditu atxikita. Futbolaren kasuan, eliteko eredu komertziala da haurrek imitatzen dutena, maskulinitateari eta lehiakortasunari oso lotua”.
“Arazoa ez da kirola bera, baizik eta kirol horrek gure gizartean duen esanahia, eta ondorioz, haurren artean sortzen duen dinamika”
Neurri orokortuetako bat da ikastetxean aste barruan baloiarekin jokatu dezaketen egun kopurua mugatzea. Beste bat, futbolean jokatu daitekeen eremua mugatzea edo lekuz mugitzea. Izan ere, Architektoniczki arkitektura kooperatibaren ikerketa famatuak garbi utzi zuen futbolak patioetan zuen nagusitasuna: “Eskoletako jolastokien erdigunea haur fisikoki aktibo eta indartsuek okupatu ohi dute, gehienak mutilak (beheko argazkian, kolore urdinez irudikatuta), eta hain aktibo ez direnei periferiatan uzten diete mugitzeko espazioa, batez ere neskak (gorriz irudikatuta). Errealitate hori are agerikoagoa da futbolean oinarritutako espazioak diseinatzen direnean”.
Durangoko Kurutziaga ikastolan, patioa eraldatzerakoan izan zuten esperientzia ere kontatu genuen ARGIAn: “Futbola ezin dugu kendu, baina gutxienez mugitu egingo dugu, bazterrean lagako dugu (futbol-zelaia lekuz mugituta), eta sokasaltoan ibili nahi dutenek ez dute zertan iskin batean aritu, margotu nahi dutenek ez dute zertan bazterrean egon, zergatik ez jarri patio erdian halakoak egiten? Neskek sentitu dezatela jolastokia eurena ere badela eta jolastokiaren erdian jardun dezaketela”.

