Bilboko herritarrek 2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileetan gehien babestu dituzten proiektuen artean dago zortzi ikastetxetako patioak naturalizatzea. Guztira 8.504 lagunek parte hartu dute bozketan, inoizko kopururik handiena.
Naturalizazio lanak honako ikastetxe hauetan egingo dira:
- Atxuriko Eskola
- Sánchez Marcos
- Kontxa Eskola
- Mujika Eskola
- Luis Briñas-Santutxu
- San Inazio Eskola
- Iruarteta
- Indautxuko Eskola
Proiektuaren helburua da patioak berdeagoak, inklusiboagoak eta atseginagoak bihurtzea, zuhaitzak, landaredia eta jolaserako espazio anitzak gehituz. Lehen bost ikastetxeetarako 188.000 euro bideratuko dira, eta gainerako hiruretarako 141.000 euro.
Ekimen hau Bilboko Udalak azken urteotan sustatzen ari den patioen eraldaketa programaren barruan kokatzen da. Programa horren helburua da hiriko 33 ikastetxe publikoetako patioak pixkanaka espazio hezitzaile, berde eta komunitario bihurtzea.
