Zer da jolasparkeak.eus eta zergatik sortu dugu?
Jolasparkeak.eus ataria, Euskal Herriko jolasguneen gida bat da. 2017an sortu genuen Goiena, Olgeta eta Txatxilipurdi elkarteon ekimenez eta poliki-poliki joan gara berau elikatzen. Gidan zazpi herrialdeetako aire libreko jolaserako espazioak aurkituko dituzu.
Familia, hezitzaile, talde edo norbanakoentzako erabilgarria izan nahi duen gida da gurea.
Zer aurkituko duzu bertan?
Lau multzotan sailkatutako aire libreko jolaserako espazioak aurkituko dituzu bertan. Jolas parkeak, jolasguneak, urguneak eta heziguneak. Espazio hauekin eta bertako dinamikekin lotutako hausnarketa edo berri ezberdinak biltzeko blog bat ere sortu dugu.
Jolasguneak: Herri guztietan daude jolaserako egokiak diren aire libreko espazioak dira.
Norberaren jolas esperientzian atzera egin gero hortxe aurkituko ditugu kontzejupeak, parkeak, frontoiak, plazak, bolatokiak, naturguneak… Eta beste hainbat jolaserako espazio. Eta ez dira derrigorrean eta espresuki jolaserako sortutako jolas parkeak.
Naturarekin jolasa ahalbidetzen dutelako edo tradizioz jolasteko “ere” erabili izan direlako; Euskal Herrian zehar jolaserako aproposak izan daitezkeen guneak bildu ditugu atal honetan.
Jolas parkeak: Jolaserako espresuki sortutako parkeak dira.
Adituek eta arituek hainbat aldiz esan dute haurrek berezkoa duten jolaserako sena kamusten dutela patroi berdina erabiliz eraiki diren jolas parke hauek: partxis koloreko ziburuez, txirristez eta abarrez osatutakoek, alegia. Eta aldiz, arituek, hau da haurrek, behin eta berriz erakusten digute jolaserako edozein espazio dela egokia edo egitura berdinez ostatutako jolas parkeei beste erabilera bat ematen dietela; gora eta behera ibiltzea, makilekin eta lurrarekin errekastoak eraikitzea, hanka bakarrean saltoka aritzea, eta nola ez ezkutaketan aritzea. Horretarako eta beste hainbat eta hainbat jolaserako nahikoa dira gune irekiak eta moldaerrazak.
Jolaserako eraiki diren jolas parkeen artean ere badira ohiko patroi errepikakorretatik at material naturalez egindakoak direnak, moldaerrazak direnak, prozesu parte-hartzaileen bidez egin direnak edo haurraren motrizitatea, sormena eta abenturarako sena sustatzen duten elementu originalez osatutakoak direnak. Horiek jaso ditugu atal honetan.
Ezaugarri horiek betetzen dituzten jolas parkeak aurkituko dituzu gidako atal honetan. Aukeraketa egiteko jarraian jasotako irizpideak erabili ditugu. Hala ere, ez ditugu hauek modu zurrunean hartu:
1.- Jolas parkea ahalik eta material naturalenekin egina izatea.
2.- Jolas parkea osatzen duten elementuek motrizitatea, sormena eta haurraren abentura sena sustatzea, besteak beste.
3.- Herrigintzatik abiatutako prozesuak izatea; auzolanean, prozesu parte-hartzaileen bidez…
4.- Gida hau osatzen gabiltzan taldekook nabarmentzeko moduko ezaugarriren bat ikusi diogulako.
Urguneak: Ura elementu nabarmen moduan duten jolaserako guneak dira.
Uda garaian, beroari aurre egiteko ura izaten da jolaserako elementu preziatuena. Jolastu ondoren bainu bat hartzea ahalbidetzen duten naturguneak edo jolaserako ura erabiltzea ahalbidetzen dituzten parkeak batu ditugu atal honetan.
Heziguneak
Gaur egun hezkuntza proiektu ezberdinetan dabiltza patioak eraldatzen, jolasa aberastu, harreman parekide eta inklusiboak erdigunean jarri, eta haurren garapen prozesuan lagunduko duten espazioak birsortuz. Atal honetan, haur guztientzako aukera anitz eta esperientzia esanguratsuak eskaintzen dituzten eta erabilera publikoa duten espazioak batu nahi izan ditugu. Modu honetan, hezkuntza komunitatearen artean abiatu eta gauzatutako prozesuak bistaratu eta balioan jartzea nahi dugu.
Bloga
Gida erabilgarria osatzeko saiakera da webgune hau, dena den hausnarketarako aitzakia polita iruditzen zaigu jolasa eta espazioen arteko harremana. Honegatik gure blogean gaiarekin lotutako hausnarketa eta berri ezberdinak argitaratuko ditugu.